Edukira joan

Pikota (zutabea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urkabe (zutabe)» orritik birbideratua)
Mendozako pikota, Araba.

Pikota harrizko edo zurezko zutabea zen, herri sarreretan edo leku agerietan landatua, akusatuak jendaurrean lotsarazteko edo exekutatuen gorpuzkiak jartzeko erabiltzen zena.[1] Euskal Herriko zenbait herritan oraindik ikus daitezke, askotan kalbario edo gurutze bilakaturik.

Pikota da zutabe hauen izena. Zenbaitetan urka, urkabe edo urkamendi gisa ezagutzen dira, baina termino horiek zigortzeko beste tokiei ere egiten diete erreferentzia. Bestalde, batzuetan jurisdikzio-biribilkiekin nahasten dira, antzeko itxura dutelako, baina jatorrian haien funtzioa bestelakoa zen.[2]

XIII. mendeko Alfontso X.aren Partidak liburuan zehazten da pikotaren erabilera akusatuak lotsarazteko. Tratatu horren arabera, zigor arinetan gogorrena zen, eta gaizkilearen desohorea guztien aurrean nabarmentzea zuen helburu.[oh 1][3]

Erdi Aroan, toki asko jauntxo baten jurisdikzioaren pean zeuden, eta justizia ematen zuen familiaren armarria ikus daiteke batzuetan. Denborarekin, baina, jurisdikzioa eskuz aldatu zen, erregearen edota herriaren ahalmena izateko.[4]

Kondenatuari lotsa publikoa eman behar zitzaiolarik, pikotari lotzen zitzaion, gorpu zigorrik eman gabe, baina bai ordu batzuez gainerako herritarren begiradapean jartzeko, eskarmentu modura. Pisuekin iruzurren bat egin zuten merkatariei, prostitutei, faltsutzaileei edota konspiratzaileei ezartzen zieten gaztigu hori.[3] Zenbaitetan, eztia ere jartzen zieten gainean, erleek eta bestelako intsektuek zirika zezaten.[4]

Beste batzuetan kondenatua jendearen aurrean erakusteko erabiltzen ziren, behin mingaina moztu, zigorradak eman edo burdin goriarekin markatu zutela. Orduan jendeak ikusi ahal zuen zer gertatu ahal zitzaien eurei ere kondenatuaren delitu berdinak eginez gero. Hau da, beldurra eragiteko erabiltzen ziren.[4]

Presencioko pikota, lau harburuekin; Burgos.

Zeregin horietarako, goiko aldean, askotan lau beso horizontal edo harburu izan ohi zituzten zutabeek; kondenatuak edo haien gorpuzkiak eskegitzeko erabiltzen ziren. Bertan erruduna kateatzen zuten, adibidez, zigorradak emateko. Beste zerbait egin behar baldin bazuten, hala nola anputatu edo exekutatu, orduan egitura konplexuagoak beharrezkoak ziren, eta urkamendiak erabiltzen zituzten.[4]

Pixkanaka, gorputz zigorrak gero eta gutxiago erabiltzen ziren heinean, pikotak desagertuz joan ziren. Izan ere, Aro Modernoan gizartearentzat baliagarriagoak izan zitezkeen zigor motetara jo zuen justiziak. Adibidez, norbait hil beharrean, haren indarra aprobetxatzen zuten galeretara eramateko, edo Almadéngo meatzetan merkurioa ateratzera. Bertan bizirik irauteko aukera oso txikia zenez, praktikan hori ere heriotza zigorra zen, baina geroratua.[4]

1813ko maiatzaren 26an, Cadizko Gorteek basailutzaren adierazpen guztiak herrietatik kentzeko agindu zuten, pikotak barne. Dena dela, Fernando VII.ak berriro baimendu zituen. Elisabet II.aren erregealdian asko eraitsi ziren arren, leku batzuetan kristautu egin zituzten, goiko aldean gurutze bat jarrita guruztoki bilakatuz. Horri esker iritsi dira gaurdaino monumentu horietako asko.[4]

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dira ugariak, baina pikota batzuk kontserbatu dira Euskal Herriko hurrengo herrietan.[5]
Araban:

Gipuzkoan:

Lapurdin:

Nafarroan:

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Zazpigarrena da norbait jendaurrean zigortzera edo zafratzera kondenatzen dutelarik, egin duen delituagatik, edo pikotan ezartzen dutelarik ohorea kentzeko, edo biluzia eta eztiztatua eguzkitan jartzen dutelarik, euliek jan dezaten", 7. partida, 4. legea, XXI. titulua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Pikota. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-2-27).
  2. Buradon Gatzagako pikota (Buradon Gatzaga, Bastida). Done Jakue bidea: Barrualdeko bidea, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-2-27).
  3. a b Yániz Eguilaz, Hipolito, Pérez Lanz, Victoriano. La Picota o Rollo de Desojo. Nabarralde, 2016ko urtarrilak 4, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2024-2-27).
  4. a b c d e f Gallego, Juanma. Joan zaitez pikotara, aizu!. Alea, 2022ko urriak 23, alea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-2-27).
  5. (Gaztelaniaz) «Urkamendiak Euskal Herrian» Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]